XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EGILEAREN HITZAURREA

Liburu hau idaztera ene adiskide ingelesek eta iparramerikarrek bultzatu ninduten aurrenik; horiek ibili zitzaizkidan eske eta eske, behin eta berriro, neure Philosophie der symbolischen Formen obraren itzulpen ingelesa egin nezan.

Nahi izango nukeen gogo handiz haien nahiari amore eman; baina lehen urratsak egin orduko konturatu nintzen burutu ezineko langintza zela hura; areago, ez zela egokia liburu hura ingelesez bere horretan ematea, oraingo egoera honetan.

Alde batetik, ahalegin guztiz handia eskatuko zion irakurleari gai zail eta abstraktuari buruzko hiru tomotako estudioa irakurri beharrak.

Baina autore honentzat ere, duela hogeita bost urte baino gehiago programatu eta idatziriko obraren argitalpen berria egitea nekeza eta bideragaitza zen; ez zirudien, beraz, gauza egokia.

Garai hartatik hona, gaiari buruzko bere azterketak egiten jarraitu du autoreak.

Gertakari berri ugari ezagutu ahal izan du eta arazo berriei egin behar izan die aurre.

Arazo zaharrak ere bestelako ikuspegitik ikusten ditu berak, eta argi berriz agertzen zaizkio orain.

Arrazoi horiengatik guztiengatik gaiari berriro ekitea erabaki nuen eta liburu guztiz berria idaztea.

Lehenengoa baino askoz laburragoa izan behar zuen liburu honek.

Liburu handia gaitz handia, zioen Lessing-ek.

Neure Philosophie der symholischen Formen idaztean hain nindukan hartua gaiak berak, ahaztu egin zitzaidan edo ez nuen gogoan hartu estilistikaren arau hori.

Askoz gertuago nago gaur egun Lessingen hitzok sinatzeko.